Gazte abertzaleak
Urriaren hasieran, Gazte Abertzaleak-ek «Euskal Unibertsitate Nazionalerantz» kanpaina aurkeztu zuen. Kanpainaren helburua Euskal Herriak, nazio gisa, unibertsitate nazional baten beharra zuela erakustea zen, inposatzen dizkiguten hezkuntza ereduei aurre egiteko, eta nazio eraikuntzaren bidean derrigorrezko pausoa delako unibertsitate bateratu bat lortzea.
Alde horretatik, joan den astean, Leioako campusera joan ginen Gazte Abertzaleak-eko zenbait kide. Kartelak jarri eta landutako kanpainaren informazio triptikoak banatu genituen. Sorpresa! Hurrengo astean, kartelen gainean, «Hipokritak: Gazte Abertzaleak, espainolen morroi» gisako leloak irakur zitezkeen. Ez dut kartelen gainean jarritakoak jarri izana salatuko, norberak pentsa dezala ekintza ondo edo gaizki dagoen, edo, hobeto, pentsa dezala kartelak jarri eta horien gainean bertan iraintzen zaituztela.
Baina, diodanez, ez da hori gutun honen xedea, mezuari berari erantzutea baizik. Argi eta garbi uste du gure kanpainak Euskal Unibertsitate Legea positibotzat hartu izana LOU espainola gelditzeko aukera eman duelako izan dela, ez gure azken helburuen isla delako. Hortaz, euskal unibertsitate nazionala lortzeko beharrezko urratsa.
Ulertzen dut, beraz, ez garela izango espainolen morroiak, haien lege bat eteteko, Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako beste baten alde bagaude. Nola lor daiteke, bestela, unibertsitate propioa, hasieratik lege horri aurre egiteko ezer ez badugu jartzen indarrean? Nire ustez, zail samarra da errealitate juridiko-politiko desberdinak dituzten lurraldeetarako lege bera sortzea, ez al da horrela? Zaila ez, zoritxarrez, ezinezkoa. Denok dugu Estatu espainolaren eta frantsesaren jokabide politikoaren berri, eta badakigu inork ez duela formula magikorik, bi egunetan, izaera nazionala duen erakunde bat sortzeko.
Bukatzeko, gustatuko litzaidake nabarmentzea, geure kanpainak dioen moduan, Euskal Unibertsitate Legea sistema espainolari aurre egiteko baliagarria izan den hasiera bat besterik ez dela. Hipokrisiarik ez dago geure hitzetan, lehenengo urratsa emanda baitago. Bidea pausoz pauso egingo dugu guztion artean, formula magikorik asmatu ezean, baina gero eta gutxiago falta da euskal unibertsitate nazionalerako
0 Comments:
Post a Comment
<< Home