Neure lekutxoa

Thursday, January 11, 2007

Erlijioa eta hezkuntza




Datozen urteetan, edozein gizartetako hezkuntzak gutxiengoen integrazioa izango du erronka nagusienetarikoa. Herrialde bakoitzean administrazioek beren hezkuntza sistemak antolatzeko darabilzkiten hainbat eredu alde batera utziz, denek aurreikusi beharko dituzte ekidingaitzak diren arazoen soluziobideak: etorkinen kulturaren errespetua, herrialde hartzailearen kulturan integrazioa, «ghetto»en formazioaren aurkako borroka, eta euskaldunak izanik, zer esanik ez, zenbait herrialde hartzailek dugun hizkuntza gutxituen mantenua.

Erronka handiak izanik ere, arazo horien isla geroz eta nabarmenagoa da egunez egun, esaterako, azkenaldian Espainiako Estatuan gutxiengo erlijioso mu- sulmanek islama irakaskuntza publikoan txertatua izan dadin eginiko aldarrikapena. Zein dira, ordea, Europako beste estatu batzuek arazo honi aurre egiteko harturiko neurriak? Alemania, Portugal eta Erresuma Batua aztertuko ditut.

Alemanian, lehen eta bigarren hezkuntzan derrigorrezkoa da erlijioaren irakaskuntza. Halere, gurasoek edo hamalau urte beterik dituzten gazteek erlijio klaseen ordez etika klaseak izatea aukeratu dezakete. Islama, zenbait landerretako hezkuntza sisteman irakasten den turkiera ikastaroan da aztergai eta beste zenbait landerretan (Westfalia kasu) aukeran dute hizkuntza alemana.

Erresuma Batuan, hezkuntza publikoa beharturik dago hamasei urte bete arte erlijioa irakastera, gurasoen edo gazteen borondatea aintzat hartu gabe. Izan ere, Erresuma Batuko erlijio klaseak ez dira bertan nagusi den erlijiora mugatzen, kristautasunaz gain, beste hainbat sinesmen motaren izaera ere aztertu egiten baita, erlijioaren azterketaren kutsu konfesionala gutxituz eta izaera akademikoa handituz alegia. Hezkuntza publikoak badu nabardura aipagarri bat: zenbait eskola publikok (25.000tik 7.000 hain zuzen) irakaskuntza erlijiosoa dute helburu, fede eskolak dira deituak eta anitza da beren osaera: kristauak, judutarrak, musulmanak...

Portugalek nahiko sistema bitxia du. Erlijio klaseak aukerazkoak eta beti ordutegiko azkenak dira. Eliza agintariek diskriminaziotzat jotzen dute egoera hau eta beronen aldaketa bat eskatu diete gobernu arduradunei.

Erlijioa ez da gaur egun urteetan izan den gizarte balore determinatzailea. Gure inguruko gizarteetan laizismoa hezkuntza sistema gehienen ezaugarri bilakatzen ari da pixkanaka, hain zuzen, elkartasun, justizia eta berdintasun baloreetan sakonduko duen gizarte batek ez baitu erlijioak irakatsitako baloreen ezinbesteko beharrik. Mundu mailan gertatzen diren hainbat fenomeno ulergarriak izan daitezen erlijio garantzitsuenen ulermena nahi- taezkoa bada ere, erlijioaren baloreetan haztea bestelako kontua da. Gurasoen hautua izanik, gurasoek garrantzitsutzat jotzen duten hezkuntza arlo hori asetzeko aukera izan behar dute (komunitate erlijiosoetan, parrokietan, sinagogetan...), baina ez hezkuntza eredu bat derrigorrez inposatuz. Hezkuntzak laizismorantz jo behar du, ez alderantziz.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home


Get your own calendar

patrocinado por: <a href="http://www.wikiad.com.ar">avisos</a> <a href="http://www.imitable.com">juegos online</a> <a href="http://www.wikifotos.es">fotos</a>
relojes web gratis