Tolerantziaren aldeko monumentua
Eduardo Txillida hil zenean, arranguraz esan zen haren amets guztiak errealitate bihurtu zirela, bat izan ezik. Eta Tindayako proiektuaren kontra zeudenei egozten zitzaien Txillidak amets hura bete ez izana. Ez da gutxi bizitzako amets guztiak, denak bat salbu, bete ahal izatea. Gutako edozeinek sinatuko luke: gure bizitzako azken ametsa ez betetzea, beste amets guztiak bete ahal izateko. Ez da gutxi pertsona bezala, eta asko da artista bezala. Izan ere, pertsona baten ametsak amets humanoak dira, nolabait esateko: izan daitezke handiak, txoroak edo beharrezkoak, eta lortu ahal izango dira edo ez, diruz ordainduta beteko dira edo utopia hutsa izango dira, baina amets humanoak dira.
Artistaren ametsak, aldiz, bestelakoak dira. Artistari, esan dezagun pintoreari, akaso bururatuko zaio figura bat perspektiba guztietatik ikusi behar dela, eta halaxe islatu behar duela koadroan: perspektiba guztiak erakutsi behar dizkiola ikusleari. Eta egin egiten du, Picassok egin zuen bezala. Esan dezagun idazleari, esan dezagun zinegileari, esan dezagun musikariari, esan dezagun eskultoreari, bururatzen zaizkien ametsak diruz lor daitekeena baino harago joaten dira: errealitateari buruzko ikuspegi berri bat emateko, estetikaren kontzeptuak iraultzeko, etikaren bosgarren hanka bilatzeko, forma plastiko batekin giza izatearen zimenduak dardarka jartzeko.
Zelako inbidia Txillidak bere bizitzako amets guztiak, bat izan ezik, bete bazituen!
Oraintsu jakin dugu Tindaya mendiko proiektuaren bigarren faseari ekingo zaiola, zundaketen faseari, hain zuzen. Lehenengo fasearen helburua mendiaren azala aztertzea izan zen. Orain, mendia osatzen duen haitzaren ezaugarriak ezagutu nahi dira, eta, horretarako, ehun metroko sakonerako eta hamar zentimetroko diametroko 14 zulaketa egingo dituzte, guztira 1.705 metro haitz ateratzeko. Txillidaren asmoa tolerantziaren aldeko monumentua egitea zen, mendia barrutik hustu eta gizakiaren txikitasuna sinbolizatuko zuen 50 metroko kuboa sortuz. Bertatik eguzkiaren eta ilargiaren argiak ikusiko lirateke, eta, ondorioz, Txillidaren hitzez esateko, "uste duguna baino txikiago sentituko ginateke bertan, eta uste duguna baino berdinago elkarren artean. Tolerantziarako gune zoragarri bat".
Gero ekologistak proiektu horren aurka agertu ziren, eta apurka-apurka jakin genuen ekologismo hutsa (ekologismoa zerbait hutsa izan badaiteke) baino arrazoi sendoagoak ere bazituztela aurkakotasun hartarako. Geologoek diotenez, Tindaya Kanaria Uharteetako naturaren mirarietako bat da; botanikoek mendi hartako espezie endemikoak aipatzen dituzte, desagertzear daudenak; zoologoek hango arrano, bele eta bestelako txori bitxiak salbatu nahi dituzte; arkeologoek aspaldiko guantxeek harrian grabatutako podomorfoak goraipatzen dituzte, eta etnologoek gogorarazten dute Tindaya mendiaren inguruan sortu direla bertako tradizioak eta, beraz, mendi sakratua dela. Hori guztia gutxi ez, eta proiektua Kanarietako politikarien ustelkeriak estaltzeko amarrua zela ere jakin zen, eta jokaldi inmobiliario ikaragarria.
Ez dakigu hau guztia zelan amaituko den, baina gu ere ez ginateke auzi honetatik aparte egon behar. Indiferentzia ere jarrera politikoa den aldetik (gaur egungo jarrera politikorik indartsuena), ez nuke indiferentziaz ikusi nahi euskal herritar baten azken ametsa herri baten nahiaren gainetik pasatzen dela. Ez artearen izenean, ez ezeren izenean.
Arteak errealitateari buruzko galderak plantearazi behar dizkigu, errealitatea kuestionatzeko leihoak zabaldu behar dizkigu, errealitatearen gainean pauso berriarekin ibiltzeko bideak ireki behar dizkigu, baina arteak ez du errealitatea suntsitu behar. Tolerantziaren aldeko monumentu eder bat izango litzateke Tindaya dagoen-dagoenean uztea. Gizakiaren txikitasuna ulertzeko ez da zertan naturaren handitasuna apurtu.
Ametsak, askotan, politagoak dira ametsetan.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home