Nikaraguako irakaskuntza
Nikaragua Ertamerikako bost herrialdeetako bat da. Iparraldean Honduras du eta hegoaldean Costa Rica. 4 milioi biztanle ditu: %60 inguru hiritarra eta beste %40 inguru landatarra. Biztanleria horren erdia baino gehiago haurrak dira, hots, bi milioi eta erdi inguru eta horietatik milioi bat eskolatu gabe dago. Hau da, eskolara joateko adinean dauden haurren erdia ez da eskolara joaten.
Ikasturtea otsailean hasi eta abenduan bukatzen dute. Tartean Aste Santuko oporrak izaten dituzte eta uztailean beste hamabost egun. Aurtengo ikasturtean 1.347.000 haur eskolatu dira; 179.000 eskolaurrean, 848.000 Lehen Hezkuntzan eta 320.000 Bigarren Hezkuntzan. Baina beste 600.000 joan gabe gelditu dira. Horiei unibertsitatera sartu gabe gelditu diren beste 500.000 ikasle gehitu behar zaizkie. Datu horiek kontuan hartuta, gaur egun Nikaraguako eskolatze tasa %7,4koa da. Eskolatze adinean dagoen haur kopurua %8,85 igo den bitartean, matrikulazioa %7,64 igo da.
Okerrena zera da: Lehen Hezkuntzako haurren %45a ez dela Bigarren Hezkuntzara iristen. Horrez gain, urtero 130.000 haurrek baino gehiagok uzten diote eskolara joateari. Ikasketak hasten dituen %25a bakarrik iristen da 6. mailara. Eskola desertzioa izugarria da lanera joaten direlako, ekonomikoki familiari lagundu egin behar diotelako eta irakaskuntzaren doakotasuna ez delako hala praktikan.
Datu ofizialen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko 160.000 haurrek egiten dute lan hiri eta herri guneetan. Aitzitik, datu extraofizialei jaramon eginez gero, kopuru hori 300.000ra igotzen da. Horietatik %33,7k 10 eta 14 urte bitarte ditu. Managuako merkatal guneetan, esaterako, lan baztertuak egiten dituzten haurren kopurua %200 igo da, batez beste egunero 7tik 12 ordura bitarte lan egiten dutelarik. Egoera honetan haur horiek jasaten dituzten tratu txarrak oso ohikoak dira.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home