HEKO: Hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa
Urtarrilaren 29an legeztatu zen HEKO kolektiboa, eta elkarte juridiko bezala eratua gelditu zen. Orain dela lau urte sortu zen taldea, eta urte hauetan zehar lanean jardun dira sortzaileak komunikabideek gizartean eta hezkuntzan duten eragina aztertuz. Legeztatzearekin, beste urrats bat emateaz gain, kolektiboaren hurrengo lanen berri eman dute, eta nola ez, parte hartzeko deia luzatu ere bai. | |
HEKO hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa da. Komunikazio mediatikoaz eta hedabideek gizartean eta hezkuntzan duten eraginaz arduratzen diren talde eta pertsonak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu. Komunikazioarekin eta komunikazioaren arloko hezkuntzarekin zerikusia duten gertaera guztiak aztertzea eta hausnartzea da bere xedea, eta hedabideei buruz eta hauek gizartean duten eraginari buruzko eztabaidak sortzea. Gai horien inguruan elkargune bihurtuko den talde izan nahi du, bereziki hezkuntza esparruari begira ariko dena. Izan ere, komunikabideen aurrean kritikotasuna eta hausnarketarako gaitasuna izata oinarrizkotzat jotzen du HEKOk, bai norberaren garapena osatzeko, bai komunikabideen hobekuntza bultzatzeko. Eta horretan guztian laguntzea da HEKOren zeregina. HEKO kolektiboan hedabideetatik eta hezkuntzatik zetozen zenbait pertsona elkartu ziren. Komunikabideek heziketan duten eraginagatik interesatuta zeuden, eta horren aurrean gizartean sortzen diren galderei eta premiei erantzuteko beharra ikusi zuten. Elementu mediatikoek gero eta nabarmenago kontrolatu eta zuzentzen duten mundu honen garapen zorabiagarria ikusirik, hezkuntzaren eta komunikazioaren munduko profesional hauek beraien ahalegina eta lan ildoak bateratzeko premia sentitu dute, hedabideen gorakadak gure gizarteari egiten dizkion desafioei aurre egiten saiatzeko. Egoera honen aurrean, HEKO kolektiboak zenbait helburu orokor lortu nahi ditu: - Hezkuntzako eta komunikazioko profesionalen arteko elkarlana finkatu eta hobetu. -Irakasle eta kazetarien artean dibulgazio eta prestakuntza ekintzak bideratu. - Hedabide guztiekiko harremanetarako aukerak eman eta esku hartze eta lankidetzarako ereduak aurkitu. - Ikus-entzunezkoen hezkuntza eta komunikazio arloa hobetu, eta horretarako curriculumetan eta ikasgeletan benetan gai hauek sartzeko bide berriak bilatu. - Arlo honetan diharduten talde eta pertsonen arteko esperientzien eta jardueren arteko trukea erraztu, bereziki Euskal Herrian, eta ekintza bateratuak antolatzeko aukerak bilatu. - Hezkuntzari eta komunikazioari buruzko informazio eta dibulgazio aldizkari bat sortu, irekia eta denok elkarlanean egina, taldearen lotura izango dena eta plataforma gisa erabiltzeko balioko duena. - Antzeko helburuak dituzten taldeekin harremanetan jarri. Taldea legeztatu delarik, hemendik aurrera HEKOko kideak hilean behingo bileretan elkartuko dira. Aldi berean, taldea sendotzeko eta kideak gehitzeko asmoa ere badute. Orain arte, sortzaileak gipuzkoarrak izaki, jarduera gehienak Gipuzkoan egin dira, baina hemendik aurrera Euskal Herri osora hedatuko dira. |
0 Comments:
Post a Comment
<< Home