Neure lekutxoa

Thursday, January 25, 2007

Eskubaloia

hau da neu egiten dudan kirola, bideo interesgarria iruditu zait pixka bat ikus dezazuen nolako den jokua, eta erregelak gutxi gora behera, nahiz eta ingeleses egon, baina batez ere ikusteko kirol ikusgarria dela, eta polita.

Thursday, January 18, 2007

"Bullying"-a salatzeko web orria


Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak tratu txarrak edo erasoak jasotzen dituzten ikasleentzat web orri bat sortu du. Honen bidez, ikasleak bere egoera salatu egin dezake era guztiz anonimo baten. Gainera, irakasleek elkarrekin orrialdean bizikidetzari buruzko informazioa eta lanak aurkitu ahal izango dituzte.

MATEMATIKA DESBERDINAK

Izenburu honenpean azken “cuadernos de pedagogía” aldizkarian (azaroaren alea, 362 zb.) artikulua dugu. Urolako (Guipuzkoa) ikastolaren matematikako mintegiak bere esperientzia mostratzen du. Hiru aukerako ikasgaiak ditu DBHan: matematika tailerra, eguneroko matematika eta matematika laborategia. Hiruetan arloak eguneroko bizitzarekin konektatzen du, ez dira ebaluatzen azterketa batez bidez, baizik eta proiektuen bitartez eta elkarlana eginez. DBHko 1. zikloan, Ikasleek kontsumorako matematikak ikasten dituzte: supermerkatura joaten dira, publizitatearen analisia egiten dute, grafikak eraikitzen dituzte, kode-sistemak aztertzen dituzte (sakea, adibidez) kalkulua jolasen bidez garatzen da, estrategiak eta prozesu logikoak sudoku eta master mind erabiliz ikasten dira, geometria targramarekin, bideoak ikusten dituzte eta planteatzen dizkieten problemekin ausartzen dira.
Bigarren zikloan ingurugiro eta osasunerako matematikak lantzen dira: alkohola odolean neurtzen dute eta bere eraginak gidatzeko orduan, ondakin biodegradableen deusesteko denboraren analisiak egiten dira, ekosistemen dinamika aztertzen da... Estatistika lantzeko, D,Hontaren legea lantzen dute (hauteskundeko prozesuak neurtzen duena) eta inkestak burutzen dira. Excel programaren bidez informazio tratamendua egiten dute eta emaitzak eta ondorioak ateratzen dituzte. Inkestak egiteko gaiak ere motibagarriak dira, hala nola, etxetik joatea pentsatu duzu? edo bikotea aukeratzeko, zertan fijatzen duzu?, drogen kontsumoa, sexua, erligioa, ikasketak, autoestima...gazteei interesatzen zaiena. Saio batzuk emakume matematikoei ere ematen dizkiete. Matematikaren presentzia egunkarietan ere nabarmena da: lan kontratuen kalitatea, trafiko istripuen kopurua...Ikasleek bere lanak bidaltzen dizkiete irakasleei posta elektronikoz.
Batxilergoan, matematika IKTekin lotuta dago: kalkulagailua nolako den barruan aztertzen da, “derive”, “funciones” eta “ mathematika” programak erabiltzen dira, Internetan sartzen dira, eskolako aldizkarian kolaborazioak dituzte, matematika ingelesez ematen da...
Dibersifikazioan, ikasleek ikastolan ematen diren lanbide heziketarako zikloei zuzentzen dira eta matematika lotzen da zientzia eta teknologiarekin proiektu bereziak eginez: matematikak elektrizitaterako, egurrerako, arterako, administraziorako...
Hezkuntza indartzeak ez dira ahazten eta oso ondo zaintzen dira: desdobleak, klasetik kanpoko arreta astean behin, errepaso ordua, talde lana...Etorkinei arreta ematen zaie indibidualki, ikasle bakoitzak astero ordu bat jasotzen du matematikako programazioa bere mailara egokituta landuz, hasiera batean marrazki edo ikurren bitartez eta, ikasturtea aurrera joaten den ahala, jarduera aproposak bilatzen dira. Oso maila baxua duten ikasleek ere ez dute laguntza falta botatzen, oinarrizko operazioak eta geometria indartzen dituztelako.
Mintegiaren jarrera argi dute: “ hogei urte barru, gure ikasleek ez dituzte integralak gogoratuko, baina bai bere bizi-esperientziak institutoan”. “Matematikak atseginagoak egitea gure eskuetan dago”.

Euskal Curriculuma: aplikazio bidean...

Curriculuma emaitza jakin batzuk lortu nahi dituen planteamendu pedagogiko antolatua da. Curriculumak ikasle jakin batzuei zer eta nola irakatsi behar zaien zehazten du.
Curriculumen hastapenetara jotzen badugu, XIX. mendera begiratu behar dugu. Hezkuntza sistema zentralizatuak egituratzen hasi zirenean, XIX. mendean, estatu bakoitzak zer eta nola irakatsi behar zen ezarri zuen, hots, bere curriculuma ezarri zuen, hitz hori erabili edo ez. Frantziak bere programak finkatu zituen, Espainiak bere curriculuma. Eta halaxe egin zuten Mendebaldeko gainerako estatuek ere.
Ikasleei zer eta nola irakatsi behar zaien erabakitzeko orduan, argi dago helburu jakin batzuk zituztela gogoan estatuko agintariek. Funtsean, herritar frantsesak eta espainiarrak «fabrikatu» nahi ziren, beren eskubide eta batez ere betebeharren jabe izango diren herritar leialak. Ildo honetan, Frantzian XIX. mendearen hasieran konstituzioaren eta herritarren betebeharren irakaskuntza finkatu zen hezkuntzaren edukitzat. Era berean, Estatua legitimatzeko orduan funtsezkoa zen historia komun bat eratu eta belaunaldi berriei igortzea. Geografiak ere bazuen bere egitekoa: herritarrek sinbolikoki beren estatutzat eta ondorioz aberritzat jo behar zuten lurraldea irudikatzea.
Gauzak ez dira ordutik askorik aldatu. Izan ere, Frantziako programak eta Espainiako curriculumen oinarrian funtsezko bi helburuek jarraitzen dute. Lehenik eta behin, indarrean dagoen esparru ekonomiko, sozial eta politikoa legitimatzeko helburua daukate, alegia, egoera auzitan jarriko ez duten herritarrak heztea. Bigarrenik, egungo bizimodurako oro har eta zehazkiago ekonomi ekoizpenerako beharrezkoak diren gaitasun kognitiboak eta ohiturak garatzea.
Curriculum ofiziala eta curriculum erreala. Halere, curriculum ofiziala ez da inoiz bere horretan aplikatu, ez aplikatuko. Curriculuma pertsonek aplikatzen dutelako eta pertsona bakoitza ezberdina delako.
Era berean, baliteke curriculum ofiziala praktikan aplikatzeko arazoak izatea, curriculum ofizial hori aitortu ez eta bestelako hezkuntza planteamendu batzuen alde egiten duten kolektiboak daudelako. Kolektibo horiek curriculum ofizialak jasotzen ez dituzten hezkuntza-irizpideak aldarrikatzen dituzte eta hezkuntza praktika berritu nahi dute. Berrikuntza pedagogikoa bilatzen duten mugimenduak daude herrialde guztietan.
Curriculum ofizialak Euskal Herrian. Euskaldunoi Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatu dizkigute eta baita Espainiako eta Frantziako Curriculumak ere. Bi gobernuek zehazten dute, nork beren lurraldean, zer eta nola irakatsi behar den eta ikastetxeak irizpide horiek betetzera derrigorturik daude. Frantziako Gobernuak ezarritakoa zuzenean aplikatu behar dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxeek. Espainiako Gobernuak ezarritakoa, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuetara igarotzen da. Gobernu hauek biak dira Euskal Herriko lau herrialde hauetako ikastetxeek bete beharko duten curriculum-dekretua ezartzeko eskumena daukatenak, baina Espainiako Gobernuak finkatutako oinarrizko ezagutzek curriculum autonomiko horien %55 bete behar dute, gutxienez. Era honetan, lau euskal herrialde horietan landuko diren edukien gehiengoa Espainiako Estatuak finkatzen ditu zuzenean. Horixe da egiturazko arazoa: ez dugu geure curriculum propioa definitu eta ezartzeko aukerarik.
Bestelako curriculum baten bila. Curriculum ofizialak auzitan jarri dira historikoki Euskal Herrian, batez ere, Espainiako eta Frantziako kultur ikusmoldea islatzen dutelako. Eta curriculum ofizial horiekiko alternatibak garatu dira ikastetxez ikastetxe. Era berean, Euskal Herriko beharrei eta interesei erantzungo dion curriculum berri baten aldeko aldarrikapena gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Horren erakusgarri dugu, esaterako, Ikasle Mugimendutik euskalduntzearen alde eta kultur eskubideen alde burutu diren ekimenak edota Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenetik antolatutakoak.
Alabaina, arazoa da ez dugula curriculum berri hori arautu eta ezarri lezakeen Hezkuntza Ministerio nazionalik. Guk ezin dugu beste herri batzuk egin dutena egin, hezkuntza sistema propioa izateko eskubidea ukatu egiten digutelako Espainiako eta Frantziako estatuek. Horrek curriculum ofizialekiko erresistentzia egitera mugatu behar garela, orain arte bezala esan nahi al du? Ez, gaurdanik Euskal Curriculuma sortu eta aplikatzen hastea dagokigu, jakinik, Euskal Curriculuma osotasunean, Hezkuntza Ministerio nazionala izatea lortzen dugunean aplikatu ahal izango dela jakinik.
Alta, errealitate objektibo honek ez dizkio Euskal Curriculumaren herri estrategiari ateak ixten. Orain diseinatzen eta garatzen ari den Euskal Curriculuma estaturik gabeko herri batek egingo du, hezkuntza ministeriorik gabeko herri batek. Horregatik, berau diseinatzeko metodologia berezia izan da eta berau aplikatzeko metodologia ere berezia izan beharko da.
Ikastetxe eta irakasle bakoitzak hezkuntza planteamendu propioak garatzeko apustua egin dezake, baldin eta horretarako borondatea baldin badu: ikastetxe bakoitzak Euskal Curriculuma aplikatzeko apustua egin dezake, bere errealitatetik abiatuta eta beraz curriculum nazionala bere errealitatera egokituz. Planteamendu hau Euskal Herri osoan garatu daiteke, berdin Leitzan, Senperen edo Aian, nahiz eta tokian toki zailtasun gehiago ala gutxiago egongo den. Ikastetxeko hezkuntza proiektua, curriculum proiektua eta ikasgelako programazioa dira horretarako tresna egokienak, horiek baitira ikastetxearen hezkuntza jardueraren erreferentzia. Hortaz, bertan gauzatu behar da Euskal Curriculuma, ikastetxeko errealitatera eta errealitatean. Borondatearen eta konpromisoaren gainean sustraituriko estrategia da gauzatu beharrekoa.
Euskal Curriculuma aplikatzeko bidean beharrezkoa izango da ikuspegi integrala izatea eta prozesu guztian izandako oinarrien araberakoa izatea: izaera nazionalekoa eta partaidetasunean oinarritua Hezkuntza eragileekin (hezkuntza formala) nahiz gizarte eragileekin (hezkuntza ez-formala) adostutakoa eta dinamika sozialak, politikoak eta instituzionalak babestuta. Euskal Curriculuma Euskal Herriaren eraikuntza eta garapenerako ezinbesteko tresna da. Herri bezala garatzeko, Euskal Herriaren iragana, gaur eguna eta etorkizuna, gure herriaren ikuspegitik ikasi eta irakastea ezinbestekoa da. Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitze bidean curriculum propioa izatea oinarrizko osagaia dugu.
Hortaz, urriaren 28an Burlatan ospatuko dugun tailerrera gonbidatzen zaitugu. Euskal Curriculuma aplikatzeko bidean, jorratu beharreko ildo estrategikoak identifikatu eta eztabaidatzeko. Bakoitzak bere esperientzia eta lan esparrutik bere ekarpena egitera, alegia.

Orain diseinatzen eta garatzen ari den Euskal Curriculuma estaturik gabeko herri batek egingo du. Horregatik, berau diseinatzeko metodologia berezia izan da eta berau aplikatzeko metodologia ere berezia izan beharko da

Thursday, January 11, 2007

HEKO: Hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa



Urtarrilaren 29an legeztatu zen HEKO kolektiboa, eta elkarte juridiko bezala eratua gelditu zen. Orain dela lau urte sortu zen taldea, eta urte hauetan zehar lanean jardun dira sortzaileak komunikabideek gizartean eta hezkuntzan duten eragina aztertuz. Legeztatzearekin, beste urrats bat emateaz gain, kolektiboaren hurrengo lanen berri eman dute, eta nola ez, parte hartzeko deia luzatu ere bai.

HEKO hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa da. Komunikazio mediatikoaz eta hedabideek gizartean eta hezkuntzan duten eraginaz arduratzen diren talde eta pertsonak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu. Komunikazioarekin eta komunikazioaren arloko hezkuntzarekin zerikusia duten gertaera guztiak aztertzea eta hausnartzea da bere xedea, eta hedabideei buruz eta hauek gizartean duten eraginari buruzko eztabaidak sortzea. Gai horien inguruan elkargune bihurtuko den talde izan nahi du, bereziki hezkuntza esparruari begira ariko dena.

Izan ere, komunikabideen aurrean kritikotasuna eta hausnarketarako gaitasuna izata oinarrizkotzat jotzen du HEKOk, bai norberaren garapena osatzeko, bai komunikabideen hobekuntza bultzatzeko. Eta horretan guztian laguntzea da HEKOren zeregina.

HEKO kolektiboan hedabideetatik eta hezkuntzatik zetozen zenbait pertsona elkartu ziren. Komunikabideek heziketan duten eraginagatik interesatuta zeuden, eta horren aurrean gizartean sortzen diren galderei eta premiei erantzuteko beharra ikusi zuten. Elementu mediatikoek gero eta nabarmenago kontrolatu eta zuzentzen duten mundu honen garapen zorabiagarria ikusirik, hezkuntzaren eta komunikazioaren munduko profesional hauek beraien ahalegina eta lan ildoak bateratzeko premia sentitu dute, hedabideen gorakadak gure gizarteari egiten dizkion desafioei aurre egiten saiatzeko.

Egoera honen aurrean, HEKO kolektiboak zenbait helburu orokor lortu nahi ditu:

- Hezkuntzako eta komunikazioko profesionalen arteko elkarlana finkatu eta hobetu.

-Irakasle eta kazetarien artean dibulgazio eta prestakuntza ekintzak bideratu.

- Hedabide guztiekiko harremanetarako aukerak eman eta esku hartze eta lankidetzarako ereduak aurkitu.

- Ikus-entzunezkoen hezkuntza eta komunikazio arloa hobetu, eta horretarako curriculumetan eta ikasgeletan benetan gai hauek sartzeko bide berriak bilatu.

- Arlo honetan diharduten talde eta pertsonen arteko esperientzien eta jardueren arteko trukea erraztu, bereziki Euskal Herrian, eta ekintza bateratuak antolatzeko aukerak bilatu.

- Hezkuntzari eta komunikazioari buruzko informazio eta dibulgazio aldizkari bat sortu, irekia eta denok elkarlanean egina, taldearen lotura izango dena eta plataforma gisa erabiltzeko balioko duena.

- Antzeko helburuak dituzten taldeekin harremanetan jarri.

Taldea legeztatu delarik, hemendik aurrera HEKOko kideak hilean behingo bileretan elkartuko dira. Aldi berean, taldea sendotzeko eta kideak gehitzeko asmoa ere badute. Orain arte, sortzaileak gipuzkoarrak izaki, jarduera gehienak Gipuzkoan egin dira, baina hemendik aurrera Euskal Herri osora hedatuko dira.

Hezkuntzaren kalitatea

Ikastetxe batentzat kalitatea ez al da, bada, erabakitzen duen Hezkuntza Proiektua eta lortzen duen emaitzaren artean koherentzia egotea?

Kalitatea zer den jakiteko hiztegi entziklopedikoan begiratzen badugu zera dio: zerbaiten edo norbaiten izaera osatzen duten ezaugarri-multzoa.

Guk, era praktikora joz, ikastetxe batek erabakitzen duen hezkuntza proiektua betetzea bezala uler genezake.

Ez al da klabeetako bat hezkuntza proiektua nola egiten den? Baina, ezer baino lehen, zer ulertzen dugun hezkuntzaz?

Batzuentzat ezagutza trasmititzeko tresna besterik ez da hezkuntza. Horientzat ezagutza ongi definitzean eta era egokian trasmititzean datza lana. Kasu horietan, kalitatea ezagutzen jasoketak neurtzen du. Irakatsitakoaren eta ikasitakoaren artean dagoen erlazioak neurtuko du kalitatea.

Beste batzuentzat ezagutza ekoiztu eta eraikitzeko ahalbideak sortzea da hezkuntza. Eta ahalegin handia bada ere, horretan geratzen da.

Badira ausartagoak direnak, hezkuntzari zentzu globala ematen ahalegintzen direnak eta euren hezkuntza ildoa ikaslea pertsona integrala izan dadin antolatzen dutenak.

Antolatu badiogu, antolaketak duen garrantzia azpimarratu nahi dugulako da. Noski, beti ere antolaketa eta egituraketa horretan eskola komunitateko alde guztiak kontuan hartzen direlarik. Hots, ikasleen beharrak, interesak, ikas-nahiak eta adin bakoitzean dagokion parte-hartzea jasotzen duen antolaketa. Irakasleak eta bertan lan egiten duten guztien parte-hartzea bermatzen duena, horien paper dinamizatzaile eta bultzatzaile nagusia errespetatzen duena. Gurasoen nahiak eta espektatibak bideratzen ahalegintzen dena, horretarako, euren parte-hartzea erraztu eta errespetatzen duena. Eta nola ez, hezkuntzaren garapenean interesa duten guztien parte-hartzea errazten duena: erakunde publikoak, elkarte pribatuak, pertsona konkretuak eta abar.

Antolaketa parte-hartzaileak berebiziko garrantzia du Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua zehazterakoan. Horrek berak denon proiektua dela sentiaraztea dakar. Horrela, inguruarekin lotura izaten lagunduko du eta kideen ilusio, espektatiba, amets eta helburuak lortzen lagun dezake.

Zehaztutako proiektuaren dinamizatzaile nagusiak profesionalak izaki, horien egonkortasuna eta zentroarekiko atxikipenak ezinbesteko garrantzia du proiektua gauza dadin.

Administrazioen erantzukizuna ere beharrezkoa izango da bitartekoak eskuratzeko orduan, eta emaitzak eskolako komunitate guztiaren asebetetzea lortzeko ahaleginean.

Asebetetzea, hau da, ezarritako helburuen eta horien lorpenen arteko koherentzia izan al daiteke ahopean dabilgun hezkuntzaren kalitatea?

ANOREXIA, NERABEEN GAITZA


15 eta 25 urte bitarteko neskek jasaten dute, batez ere

Anorexia nerabeen gaixotasuna izan ohi da. Batez ere, 15 eta 25 urte bitarteko neska gazteena. Ez dute ezertxo ere jaten eta, jakina, argaldu eta gaixotu egiten dira.

Buruko anorexia gorabehera askoren ondorioz sortzen da: familia, kultura, gizartea eta arazo pertsonalak izaten dira errudunak.

Arrazoiak asko

Gaur egun, argi eta garbi dago gorabehera askoren ondorioa dela. Gehienetan, emakumezkoak (gizonezkoak % 10 besterik ez dira), 15 eta 25 urte bitartekoak eta ondorengo ezaugarriak izaten dituzte bataz beste:

Nortasuna: buru argia eta hizketarako erraztasun handia. Adimena bataz bestekoa baino maila altuagokoa. Bizitzaren alderdi intelektual eta izpiritualak hartzen dituzte batik bat aintzat.
Biologia: Umetan, jankarrak izaten dira. Sarritan urdaileko arazoak edukitzen dituzte eta gorabeherak hilekoarekin.
Familia: Oro har, maila oneko familiakoak dira. Nerabe horiek askatasun gutxi izaten dute, gurasoek lotuegi dauzkatelako. Amek gehiegi babesten dituzte eta, horrela, gazteek ezin konpondu izaten dituzte adin horretako arazoak. Horrelako amek eragotzi eta oztopatu egiten dute beren alaben heldutasun-prozesua.
Gizartea: Emakumezkoek, arrakasta izango badute, argal-argal egon behar dute ezinbestean.

Egoera horretan, beti izango da gaitzari bidea zabalduko dion arrazoiren bat: argaltzeko erregimenen bat, maitasun-harremanen batek porrot egin duela, ikasketak burutzeko familiatik banandu beharra, gizartean onartua izateko oztopoak...

Gaitzaren sintomak

Askoz ere gutxiago jaten eta edaten hastea, baita den-dena egosita edo plantxan erreta jateko obsesioa ere.
Otorduetan oso jokabide bitxiak. Adibidez, zutik jaten hastea, oso zati txikiak eginda, erraz betetzea...
Erregimena hastearekin batera, hilekoa ere galtzen dute.
Ordu gehiago ematen dute ikasten eta ariketa fisikoa egiten. Beraz, lo gutxiago egingo dute.
Gezurretan aritzen dira: jaten dutelako planta egin ondoren, komunera joan eta oka egiten dute, edota libragarri eta diuretikoak erabiltzen dituzte argaltzeko.
Beren gizartetik eta familiatik gero eta gehiago urrutiratzen dira.
Nahiz eta hezur eta azal egon, ispiluan lodi ikusten dute beren burua.
Izugarrizko beldurra diote loditzeari.
Ez dute inoiz aitortuko gaixorik daudela, nekaturik, egarriak, edo goseak.
Depresioak jota eta obsesionatuta egoten dira.

Elebitasuna eta hezkuntza ez formala


Alfabetatze kanpaina

HABEk utzitako 1993ko datuei jarraituz, euskarazko ikastaroetan matrikulatutako helduak urtean 40.000 izatera iritsi dira. 1986/87 ikasturtetik 1992/93 ikasturteraino euskarazko ikastaroetan 150.000 heldu inguru matrikulatu direla uste da.

Eusko Jaurlaritzaren1988ko Euskararen Biziberritze Planaren arabera, helduen alfabetatzea eskola hezkuntzarekin batera da euskararen berreskurapenean faktore garrantzitsuenetako bat. Eta haren eskaera goraka doa EAEn Nafarroan eta Iparraldean bezalaxe.



Euskarazko hezkuntza ez formala eta komunitate programen bultzada

Orain artean hezkuntza eta euskara aztertu ditugularik, haien alde formalean aritu gara gehienbat, eskolaratzearen eta ikastearen inguruan, hain zuzen ere. Horrez gain, badago hezkuntza konbentzionalaren eremuan aurkitzen ez den ekimen esparru zabalago bat, nahiz pedagogikoa ere izan berez. Gizarte ekimeneko programei buruz ari gara, aisialdiko ekintzetan eragin soziala duten programei buruz, alegia.

Esan beharrekoa da euskarazko gizarte ekimenetako programak antolatzen eragile asko hasi zirela eta jarraitzen dutela oraindik ere; esate baterako, eskolak, hezkuntza agintariak eta mugimendu herrikoiak.

Euskaraz antolatzen diren ekimen sozio-kultural hauei buruz badago zer esana, badituzte berezitasun franko. Lehendabizi, aipatzekoa da ekintza hauetan parte hartzen duen jendearen kopuru izugarria, milaka haur eta gaztek hartzen baitute parte. Bigarrenez, aitatu beharra dago formala eta ez formala den hezkuntzaren tarteko mugak definitzearen zailtasuna, eskoletan eta lanerako proposatzen diren hainbat ekintza burutzen baitira eskolatik kanpo ere. Hezkuntza globalean garatzen da, eta beraz, beharrezkoa da gelaren barruan nahiz kanpoan gertatzen dena kontuan hartzea.

Euskararen inguruan sortutako gizarte elkarteak oso aktiboak dira. Euskal gizartearen sektore gehienek jasotzen dituzte modu batean edo bestean haurrak, gazteak eta helduak bizi diren inguru naturalean euskara zaintzeko, berpizteko eta erabiltzeko helburuekin antolatzen diren ekintzen eraginak. Badago herri mugimendu zabal bat euskararen tokia ez dela etxea eta eskola soilik aldarrikatzen duena, eta jende arteko euskararen erabilera bultzatzen duena. Frankoren garaiko pertsekuzio luze haietan sortu zen erantzuna etengabe indarrean dagoen euskararen aldeko mugimendu bihurtu da. Zenbaitentzat hau koherentzia eta koordinazio ezaren adierazlea izan daiteke, baina askotan talde homogeneo batetik ez datozen iniziatiben aberastasunaren erakusle da. Gauza da eguneroko bizitzan euskararen erabilera handitzea.

Nikaraguako irakaskuntza


Nikaragua Ertamerikako bost herrialdeetako bat da. Iparraldean Honduras du eta hegoaldean Costa Rica. 4 milioi biztanle ditu: %60 inguru hiritarra eta beste %40 inguru landatarra. Biztanleria horren erdia baino gehiago haurrak dira, hots, bi milioi eta erdi inguru eta horietatik milioi bat eskolatu gabe dago. Hau da, eskolara joateko adinean dauden haurren erdia ez da eskolara joaten.

Ikasturtea otsailean hasi eta abenduan bukatzen dute. Tartean Aste Santuko oporrak izaten dituzte eta uztailean beste hamabost egun. Aurtengo ikasturtean 1.347.000 haur eskolatu dira; 179.000 eskolaurrean, 848.000 Lehen Hezkuntzan eta 320.000 Bigarren Hezkuntzan. Baina beste 600.000 joan gabe gelditu dira. Horiei unibertsitatera sartu gabe gelditu diren beste 500.000 ikasle gehitu behar zaizkie. Datu horiek kontuan hartuta, gaur egun Nikaraguako eskolatze tasa %7,4koa da. Eskolatze adinean dagoen haur kopurua %8,85 igo den bitartean, matrikulazioa %7,64 igo da.

Okerrena zera da: Lehen Hezkuntzako haurren %45a ez dela Bigarren Hezkuntzara iristen. Horrez gain, urtero 130.000 haurrek baino gehiagok uzten diote eskolara joateari. Ikasketak hasten dituen %25a bakarrik iristen da 6. mailara. Eskola desertzioa izugarria da lanera joaten direlako, ekonomikoki familiari lagundu egin behar diotelako eta irakaskuntzaren doakotasuna ez delako hala praktikan.

Datu ofizialen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko 160.000 haurrek egiten dute lan hiri eta herri guneetan. Aitzitik, datu extraofizialei jaramon eginez gero, kopuru hori 300.000ra igotzen da. Horietatik %33,7k 10 eta 14 urte bitarte ditu. Managuako merkatal guneetan, esaterako, lan baztertuak egiten dituzten haurren kopurua %200 igo da, batez beste egunero 7tik 12 ordura bitarte lan egiten dutelarik. Egoera honetan haur horiek jasaten dituzten tratu txarrak oso ohikoak dira.

Tolerantziaren aldeko monumentua


Eduardo Txillida hil zenean, arranguraz esan zen haren amets guztiak errealitate bihurtu zirela, bat izan ezik. Eta Tindayako proiektuaren kontra zeudenei egozten zitzaien Txillidak amets hura bete ez izana. Ez da gutxi bizitzako amets guztiak, denak bat salbu, bete ahal izatea. Gutako edozeinek sinatuko luke: gure bizitzako azken ametsa ez betetzea, beste amets guztiak bete ahal izateko. Ez da gutxi pertsona bezala, eta asko da artista bezala. Izan ere, pertsona baten ametsak amets humanoak dira, nolabait esateko: izan daitezke handiak, txoroak edo beharrezkoak, eta lortu ahal izango dira edo ez, diruz ordainduta beteko dira edo utopia hutsa izango dira, baina amets humanoak dira.

Artistaren ametsak, aldiz, bestelakoak dira. Artistari, esan dezagun pintoreari, akaso bururatuko zaio figura bat perspektiba guztietatik ikusi behar dela, eta halaxe islatu behar duela koadroan: perspektiba guztiak erakutsi behar dizkiola ikusleari. Eta egin egiten du, Picassok egin zuen bezala. Esan dezagun idazleari, esan dezagun zinegileari, esan dezagun musikariari, esan dezagun eskultoreari, bururatzen zaizkien ametsak diruz lor daitekeena baino harago joaten dira: errealitateari buruzko ikuspegi berri bat emateko, estetikaren kontzeptuak iraultzeko, etikaren bosgarren hanka bilatzeko, forma plastiko batekin giza izatearen zimenduak dardarka jartzeko.

Zelako inbidia Txillidak bere bizitzako amets guztiak, bat izan ezik, bete bazituen!

Oraintsu jakin dugu Tindaya mendiko proiektuaren bigarren faseari ekingo zaiola, zundaketen faseari, hain zuzen. Lehenengo fasearen helburua mendiaren azala aztertzea izan zen. Orain, mendia osatzen duen haitzaren ezaugarriak ezagutu nahi dira, eta, horretarako, ehun metroko sakonerako eta hamar zentimetroko diametroko 14 zulaketa egingo dituzte, guztira 1.705 metro haitz ateratzeko. Txillidaren asmoa tolerantziaren aldeko monumentua egitea zen, mendia barrutik hustu eta gizakiaren txikitasuna sinbolizatuko zuen 50 metroko kuboa sortuz. Bertatik eguzkiaren eta ilargiaren argiak ikusiko lirateke, eta, ondorioz, Txillidaren hitzez esateko, "uste duguna baino txikiago sentituko ginateke bertan, eta uste duguna baino berdinago elkarren artean. Tolerantziarako gune zoragarri bat".

Gero ekologistak proiektu horren aurka agertu ziren, eta apurka-apurka jakin genuen ekologismo hutsa (ekologismoa zerbait hutsa izan badaiteke) baino arrazoi sendoagoak ere bazituztela aurkakotasun hartarako. Geologoek diotenez, Tindaya Kanaria Uharteetako naturaren mirarietako bat da; botanikoek mendi hartako espezie endemikoak aipatzen dituzte, desagertzear daudenak; zoologoek hango arrano, bele eta bestelako txori bitxiak salbatu nahi dituzte; arkeologoek aspaldiko guantxeek harrian grabatutako podomorfoak goraipatzen dituzte, eta etnologoek gogorarazten dute Tindaya mendiaren inguruan sortu direla bertako tradizioak eta, beraz, mendi sakratua dela. Hori guztia gutxi ez, eta proiektua Kanarietako politikarien ustelkeriak estaltzeko amarrua zela ere jakin zen, eta jokaldi inmobiliario ikaragarria.

Ez dakigu hau guztia zelan amaituko den, baina gu ere ez ginateke auzi honetatik aparte egon behar. Indiferentzia ere jarrera politikoa den aldetik (gaur egungo jarrera politikorik indartsuena), ez nuke indiferentziaz ikusi nahi euskal herritar baten azken ametsa herri baten nahiaren gainetik pasatzen dela. Ez artearen izenean, ez ezeren izenean.

Arteak errealitateari buruzko galderak plantearazi behar dizkigu, errealitatea kuestionatzeko leihoak zabaldu behar dizkigu, errealitatearen gainean pauso berriarekin ibiltzeko bideak ireki behar dizkigu, baina arteak ez du errealitatea suntsitu behar. Tolerantziaren aldeko monumentu eder bat izango litzateke Tindaya dagoen-dagoenean uztea. Gizakiaren txikitasuna ulertzeko ez da zertan naturaren handitasuna apurtu.

Ametsak, askotan, politagoak dira ametsetan.

Erlijioa eta hezkuntza




Datozen urteetan, edozein gizartetako hezkuntzak gutxiengoen integrazioa izango du erronka nagusienetarikoa. Herrialde bakoitzean administrazioek beren hezkuntza sistemak antolatzeko darabilzkiten hainbat eredu alde batera utziz, denek aurreikusi beharko dituzte ekidingaitzak diren arazoen soluziobideak: etorkinen kulturaren errespetua, herrialde hartzailearen kulturan integrazioa, «ghetto»en formazioaren aurkako borroka, eta euskaldunak izanik, zer esanik ez, zenbait herrialde hartzailek dugun hizkuntza gutxituen mantenua.

Erronka handiak izanik ere, arazo horien isla geroz eta nabarmenagoa da egunez egun, esaterako, azkenaldian Espainiako Estatuan gutxiengo erlijioso mu- sulmanek islama irakaskuntza publikoan txertatua izan dadin eginiko aldarrikapena. Zein dira, ordea, Europako beste estatu batzuek arazo honi aurre egiteko harturiko neurriak? Alemania, Portugal eta Erresuma Batua aztertuko ditut.

Alemanian, lehen eta bigarren hezkuntzan derrigorrezkoa da erlijioaren irakaskuntza. Halere, gurasoek edo hamalau urte beterik dituzten gazteek erlijio klaseen ordez etika klaseak izatea aukeratu dezakete. Islama, zenbait landerretako hezkuntza sisteman irakasten den turkiera ikastaroan da aztergai eta beste zenbait landerretan (Westfalia kasu) aukeran dute hizkuntza alemana.

Erresuma Batuan, hezkuntza publikoa beharturik dago hamasei urte bete arte erlijioa irakastera, gurasoen edo gazteen borondatea aintzat hartu gabe. Izan ere, Erresuma Batuko erlijio klaseak ez dira bertan nagusi den erlijiora mugatzen, kristautasunaz gain, beste hainbat sinesmen motaren izaera ere aztertu egiten baita, erlijioaren azterketaren kutsu konfesionala gutxituz eta izaera akademikoa handituz alegia. Hezkuntza publikoak badu nabardura aipagarri bat: zenbait eskola publikok (25.000tik 7.000 hain zuzen) irakaskuntza erlijiosoa dute helburu, fede eskolak dira deituak eta anitza da beren osaera: kristauak, judutarrak, musulmanak...

Portugalek nahiko sistema bitxia du. Erlijio klaseak aukerazkoak eta beti ordutegiko azkenak dira. Eliza agintariek diskriminaziotzat jotzen dute egoera hau eta beronen aldaketa bat eskatu diete gobernu arduradunei.

Erlijioa ez da gaur egun urteetan izan den gizarte balore determinatzailea. Gure inguruko gizarteetan laizismoa hezkuntza sistema gehienen ezaugarri bilakatzen ari da pixkanaka, hain zuzen, elkartasun, justizia eta berdintasun baloreetan sakonduko duen gizarte batek ez baitu erlijioak irakatsitako baloreen ezinbesteko beharrik. Mundu mailan gertatzen diren hainbat fenomeno ulergarriak izan daitezen erlijio garantzitsuenen ulermena nahi- taezkoa bada ere, erlijioaren baloreetan haztea bestelako kontua da. Gurasoen hautua izanik, gurasoek garrantzitsutzat jotzen duten hezkuntza arlo hori asetzeko aukera izan behar dute (komunitate erlijiosoetan, parrokietan, sinagogetan...), baina ez hezkuntza eredu bat derrigorrez inposatuz. Hezkuntzak laizismorantz jo behar du, ez alderantziz.

Gazte abertzaleak



Urriaren hasieran, Gazte Abertzaleak-ek «Euskal Unibertsitate Nazionalerantz» kanpaina aurkeztu zuen. Kanpainaren helburua Euskal Herriak, nazio gisa, unibertsitate nazional baten beharra zuela erakustea zen, inposatzen dizkiguten hezkuntza ereduei aurre egiteko, eta nazio eraikuntzaren bidean derrigorrezko pausoa delako unibertsitate bateratu bat lortzea.

Alde horretatik, joan den astean, Leioako campusera joan ginen Gazte Abertzaleak-eko zenbait kide. Kartelak jarri eta landutako kanpainaren informazio triptikoak banatu genituen. Sorpresa! Hurrengo astean, kartelen gainean, «Hipokritak: Gazte Abertzaleak, espainolen morroi» gisako leloak irakur zitezkeen. Ez dut kartelen gainean jarritakoak jarri izana salatuko, norberak pentsa dezala ekintza ondo edo gaizki dagoen, edo, hobeto, pentsa dezala kartelak jarri eta horien gainean bertan iraintzen zaituztela.

Baina, diodanez, ez da hori gutun honen xedea, mezuari berari erantzutea baizik. Argi eta garbi uste du gure kanpainak Euskal Unibertsitate Legea positibotzat hartu izana LOU espainola gelditzeko aukera eman duelako izan dela, ez gure azken helburuen isla delako. Hortaz, euskal unibertsitate nazionala lortzeko beharrezko urratsa.

Ulertzen dut, beraz, ez garela izango espainolen morroiak, haien lege bat eteteko, Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako beste baten alde bagaude. Nola lor daiteke, bestela, unibertsitate propioa, hasieratik lege horri aurre egiteko ezer ez badugu jartzen indarrean? Nire ustez, zail samarra da errealitate juridiko-politiko desberdinak dituzten lurraldeetarako lege bera sortzea, ez al da horrela? Zaila ez, zoritxarrez, ezinezkoa. Denok dugu Estatu espainolaren eta frantsesaren jokabide politikoaren berri, eta badakigu inork ez duela formula magikorik, bi egunetan, izaera nazionala duen erakunde bat sortzeko.

Bukatzeko, gustatuko litzaidake nabarmentzea, geure kanpainak dioen moduan, Euskal Unibertsitate Legea sistema espainolari aurre egiteko baliagarria izan den hasiera bat besterik ez dela. Hipokrisiarik ez dago geure hitzetan, lehenengo urratsa emanda baitago. Bidea pausoz pauso egingo dugu guztion artean, formula magikorik asmatu ezean, baina gero eta gutxiago falta da euskal unibertsitate nazionalerako

Wednesday, November 22, 2006

Nire deskribapena


konturatu naz ez dudala nire deskribapenik egin eta nire gainontzeko kide gehienak berea egin dutela...hor doa:
Kaixo!!Saioa naiz, 22 urte ditut, magisteritza ikasten nabil Arangoitin. Ile kixkurra eta begi marroiak dauzkat, kirola egitea asko gustatzen zait, batezbe Eskubaloia. Talde batetan jokatzen det, lehenengo maila nazionalean nago eta bidai asko egiten ditut estatu espainoletik, argazki hau gure azkenengo bidaiarena da, tenerifera joan ginenean jokatzera, ondo pasatzen dugu eh??jajaja.

Egunon guztioi! zuei begira nago eh...beno ba hemen nabil goizeko zortzietatik ordenagailu baten aurrean, pixkat aspertute eta gainera goseagaz...ea klasea laster amaitzen den ta zeozer jan ahala dudan!!

Wednesday, October 25, 2006

Nire lehenengo bloga


Bueno ba, klasean esan didate blog bat sortu behar dudala, eta hau sortu dut, ez dakit nola mantenduko dudan nahiko alferra naizelako honetarako!!baina saiatuko naiz! eutsi goiari!! GORA EUSKA HERRIA!

Get your own calendar

patrocinado por: <a href="http://www.wikiad.com.ar">avisos</a> <a href="http://www.imitable.com">juegos online</a> <a href="http://www.wikifotos.es">fotos</a>
relojes web gratis